gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 22, ostirala
Verne
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK >JULES VERNE
JULES VERNE - VERNEREN IKUSPEGI BAT
Joan Manuel Soldevilla AlbertÍ




Nork irakurri ditu Julio Verneren lanak? Mundu guztian ezagunak dira bere lanak, bere izenburuetako asko eguneroko hizkuntzako zati bihurtu dira esaerak bailiran, milako bertsio eta moldaketa egin dira biderik harrigarrienak erabiliz, baina... irakurtzen al du inork Julio Verneren lanik? Verneren liburuak aipatu, bertsionatu, gogoratu egiten dira baina... irakurtzen al ditugu Julio Verneren lanak? Sailkapen murriztaileetara kondenatuta, batzuetan zientzia-fikzioaren aitzindari gisa aurkeztu izan dute eta horren ondorioz genero hori gustuko ez dutenak ez dira bere lanera hurbildu eta zaleek, berriz, interes arkeologikoa duen idazletzat jo dute. Bestetan gazteentzako idazle gisa aurkeztu izan dute eta horrela lortu da ez helduek ez gazteek ere haren lanik ez irakurtzea, lehenengoek beren adinerako desegokitzat jotzen dutelako eta bigarrenek beren errealitatetik urrunegi ikusten dutelako. Zientziaren aldeko sutsutzat kalifikatzen zutenean zientzialarien gaitzespena jasotzen zuen, ameslaritzat jotzen baitzuten, baita milaka irakurle garaikideen gaitzespena ere, ez baitziren fidatzen zientifismoaren ikuspegi sineskorraz. Konjurazio harrigarria bailitzan, Verneri zigorrik gogorrenetakoa ezarri zaio: betirako gogoratua izatea baina gutxitan irakurria. Zer egin du Vernek zigor hori jasotzeko? Azken batean, zer idatzi zuen Julio Vernek?





Jarrera

Verneren eleberrietan forma anitzeko unibertso liluragarria jartzen zaigu begien aurrean. Munduaz, bizitzaz, zientziaz... hitz egiten zaigu baina, ebidentzia, xehetasun zientifiko eta bitxikerietatik haratago, batez ere jarrera bat dago, mundu, bizitza eta zientzia horri aurre egiteko modu bat. Gure buruari galdetzen diogunean zergatik den Verne betikoa eta unibertsala eta txikitu duten klixe eta etiketetatik abiatuta ikertzen saiatzen garenean ez dugu erantzunik aurkitzen. Ez zaigu gaur gazteentzako idazle bat iruditzen, eta bere eleberriak ere ez dira aurrerapen lanak izan. Verne ulertzeko bere liburuetan murgildu behar da eta deskubritu bere narrazio korpusa bateratzen duena ez dela ez abentura generoa, ez asmo didaktikoa ez eta zientziarekiko zuen lilura ere –erraz aurkituko genituzke dozena bat eleberri ezberdin aurreko kategorietako bakoitza gezurtatuko luketenak-.

Bere narratiba osoari batasuna ematen diona nobelagilearen eta pertsonaien jarrera da; pertsonaia horien mundua, itxura batean, mundu betea, ona eta zoriontsua da. Arraza zurikoak, gizonezkoak eta burgesak dira, hiru baldintza horiek betetzen ez dituztenek –eta munduko biztanleria gehienaz ari gara, emakumezkoak, beste arraza batzuetako gizakiak eta langile eta nekazariak- mundua gobernatzen duen kastaren mendean bizi behar duten garai batean. Eta hala ere, mundua mendean izan arren... denek haratago joan nahi dute. Nobelagileari eta bere pertsonaiei bizi duten errealitatea osatugabea iruditzen zaie, baita itogarria ere. Munduaren tontorrean edo lurraren eta itsasoen erdigunera bidean, Verneren heroiek beti urrutirago joan nahiko dute. Verne bera ere haratago joango da, neurriz kanpo idatziz, gainezka egiten duen gaitasuna erakutsiz, hil ondoren argitaratuz eta bere espazioaren eta denboraren mugak gaindituta irakurria izanez.





Muga

Etsaia muga da. Noraino iris gaitezke? Nondik aurrera gelditu behar ditugu gure urratsak eta gure begiratuak? XIX. mendeak zitekeenaren muga berezia ezarri zion: Lurraren erdigunerik ez zegoen, Ipar Polora ez zegoen iristerik, ezingo genuke sekula atmosferatik haratago joan... Gaur egun, gure garaian, litekeenaren muga ere ezartzen zaigu; bakea ameskeria bat da, pobrezia beharrezkoa da, gerrak saihestezinak dira... Vernek jarrera bat erakusten du muga horien aurrean: aurre egin behar zaie, gainditzen ahalegindu behar da nahiz eta saiakera horretan, batzuetan eskerga, gure itxurazko segurtasunak galdu.

Verneren heroiek erakusten digute mugak aurre egiteko daudela. Saria ez da arrakasta eta agian horregatik Verneren eleberriak porrotez beterik daude –Phileas Foggek ez dio munduari itzulia ematen laurogei egunetan, Liddenbrock ez da lurraren erdigunera iristen, azkenean inork ezingo du ilargian hankarik jarri...- baita gizarteaz kanpo –Nemo, Robur- edo zuhurtasunaz kanpo –Liddenbrock, Hatteras- bizi diren pertsonaiez beterik ere. Garrantzitsua ez da beren helburuak lortzen ote dituzten edo ez, erabakigarria da erakusten digutela merezi duela borrokatzeak, bizitzaren alde apustu egiteak eta mugez haratago joateak.





Bidaia

Julio Vernek Ohiz kanpoko bidaiak epigrafearekin bildu zituen bere betiko eleberriak. Zer da ohiz kanpokoa? Kanpokoa, etimologiari begiratuta, norbere baitatik at ateratzen dena da, aldamenean duen kontzeptua haratago eramaten duen atzizkia da. Ohiz kanpokoa, definizioz, ohikoa ez dena da, gure munduan, gure egunerokotasunean ez dagoena da. Beraz, Ohiz kanpoko bidaiak ia tautologia bat da, ohiz kanpokoa norberaren baitatik, normaletik ateratzen dena baita, eta bidaiak horixe izan behar du. Ohiz kanpokoa zerua da, espazioa, gure begiez ikusten ez duguna baina han dagoela badakiguna, itsas hondoa, lurrazpiko mundua, urrunekoa, exotikoa, ulertezina.

Bidaia sortzen da beste errealitate batzuk badirela eta ezagutu egin behar direla ziur jakitetik. Bidaiak gure identitateaz haratago eramaten gaitu eta mugak gainditu nahi dituenaren jarrerarekin bakarrik ekin dakioke bidaiari. Verneren lanetan beti dago jarrera bat, muga bat eta bidaia bat; bidaia ezagunak diren mugetara, zibilizazioaren mugetara, mapetan adierazten diren mugetara, zuhurtasunaren mugetara. Jarrera, muga eta bidaia hiruki harrigarria eta enigmatikoa osatzen duten hiru kontzeptuak dira eta horien inguruan eratzen da Julio Verneren narratiba.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net