gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2016ko abuztuak 31, asteazkena
Verne
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK >JULES VERNE
JULES VERNE - BIZITZA. BESTE FIKZIO BAT
Joan Manuel Soldevilla Albertí


Segur aski Julio Verneri buruz gaurdaino idatzi den biografiarik garrantzitsuenean (Jules Verne, Anagrama, 1998), Herbert Lottmanek xehetasunez betetako ibilaldia egiten du nobelagile ospetsuaren bizitzan barrena. Atsegina, zehatza eta sutsua, biografo estatubatuarrak datu objektiboez gain kondairez eta zurrumurruez osatutako bizitza baten zertzelada guztiak errepasatzen ditu. Bitxikeria bat: liburuak dituen laurehun bat orrietan, Lottmanek era honetako esamoldeak erabiltzen ditu: “kondairak dioenez...”, “ zurrumurruek diote garai hartan...”, hogeita bost aldiz baino gehiagotan!. Verne ez zen aspaldiko garaietan bizi izan zen idazlea, gutun-liburu ugaria utzi zuen, ez zen gizartetik urrunduta bizi izan zen anakoreta bat, aldiz bere herrialdeko kulturan eta politikan parte hartu zuen, bizi zen bitartean mundu osoan ezaguna izan zen, garai hartan hedabideak garrantzia handia eskuratzen hasi baitziren. Alabaina, biografoa haren bizitzaren oroitzapen ororen inguruan dauden kondaira, zurrumurru eta informazio zehaztugabeak aipatu beharrean aurkitzen da. Biografia beste fikzio bat balitz bezala, non benetako datuak eta irudikatutakoak zehaztugabeko lurralde komun batean bizi baitira.





Benetako biografia

Jules Verne Nantesen jaio zen 1828an familia burges batean. Aita abokatu ospetsua zen eta semeari heziketa zorrotza eman zion familiako tradizioari hel ziezaion; horrela bada, 1848an Jules Verne gaztea Parisera joan zen zuzenbide ikasketak hasteko xedez. Frantziako hiriburuko kultur munduak liluratuta, Vernek bere literatur bokazioa ernatzen ikusi zuen eta ahalegin guztiak horretara bideratu zituen. Hasiera batean antzerki munduan saiatu zen lehenengo ohoreak lortzen, baina Pierre-Jules Hetzel editorea ezagutu zuenean gertatu zen erabateko aldaketa bere bizitzan. Editoreak 1866an, idazlearengan ustea jarriz, lehen eleberria argitaratu zion, Bost aste globoan, eta handik aurrera irakurle guztien aitorpena jaso zuen literatur jarduera paregabeari hasiera eman zion. Hori baino lehen, 1857an, alargun gazte batekin ezkondu zen, Honorine de Fraysserekin, eta 1862an seme bat izan zuten, Michel. Amiens herrira joan zen bizitzera, lasai bizi izan zen idazten zituen eleberriekin eta lan horietako batzuekin egindako antzerki egokitzapenek lortutako arrakastari esker aberastu egin zen. Hiru itsasontzi erosi zituen, dezente nabigatu zuen, Frantziako kultura ofizialak ez zuen inoiz aintzatetsi baina beti izan zuen irakurleen erantzun sutsua. Itsu eta ospetsu hil zen 1905ean.





Biografia literarioa

Bizitzak kontatuak izateko omen dira, edo horrela dio behintzat Gabriel García Márquezek. Esan daiteke Verne Nantesen jaio zela, eta hori egia historikoa da. Baina, era berean, esan daiteke irla batean jaio zela, eta hori ere egia historikoa da baina askoz ere literarioagoa. XIX. mendearen hasieran, Nantes Bretainiako ibai-portu garrantzitsua zen; armadoreak, batez ere, esklaboen trafikoarekin aberastu ziren eta Nantes atlantiko kostaldean Loiraren bokalaren inguruan eraikitako hiri jendetsu, eraginkor eta aktiboa zen. Verneren familia Feydeau irlan bizi zen, ibaiak hirigunetik igarotzean inguratzen zuen lurzati zabal batean, burgesia ahaltsuak luxuzko auzo bihurtu zuena. Gaur egun irla hori, irla gisa, ez dago, hiriko hedadura urbanistikoak irentsi baitzuen, baina predestinazio literario ederra izan zen, nabigatzaile, itsasoan galdutako eta robinsonei buruz irrikaz hitz egin zuen hura gaur egun ikusezina den irla batean jaio izana.

Fikzio sortzaile handienaren bizitzak beti dauka fikzioa bailitzan kontatua izateko arriskua edo abantaila. Benetakoa eta irudikatutakoa nahastu egiten dira. Batzuetan kontatzen dena egia bihurtutako gezur bat da eta beste batzuetan gezurra dirudien egia. 1886ko egun batean, zoroaldi harrigarri batean, bere iloba kutunena, Gaston, kalera irten zen osaba akabatzeko asmotan. Tirokatu ondoren, Julio Verne zaurituta gelditzen da eta ordutik aurrera, herren, betirako utzi beharko du bere pasio nagusietako bat, nabigazioa. Idaztera kondenatutako idazlea, bidaiak amestera eta berak zuzenean bizitzerik ez izatera kondenatuta, literatura hutsa dirudien benetako patu tragikoa.





Biografia faltsua

Duela gutxi arte, Verneren biografietan saiatzen ziren egiazko gisa kontatzen txikitako gertaera bat, inondik ere faltsua zena. Haurra zela, Verne ameslaria zeharo maitemindu zen bere lehengusina Carolinaz; bere jarrera abenturazalea eta ausarta erakutsi nahian, etxetik alde egin zuen eta itsasontzi batean ontziratu zen itsasmutil bezala lurralde exotikoetara abiatzeko prest. Aita zorrotza, semearen asmo arriskutsuaz ohartarazita, haren bila joan zen eta ontzia geldiaraztea lortu zuen Saint Nazaire kaian zegoenean; etxera itzulitakoan jaso zuen jipoi latzak eta jarri zioten zigorrak berriz alde egiteko gogoa kendu zioten mutikoari baina etorkizunean bidaia ameslari bihurtzeko hazia erein zuten.

Predestinazioko historia ederra, teresiar kutsukoa ere, ipuin polita non nahasten baitira erromantizismo gogaikarrienaren sentimenduzko ametsak, abenturako eleberrien imajinagintza eta Verneren hemeretzigarren mendeko irakurle askok gustuko izango zuten zama moralizatzailea eta hezitzailea. Ereduzko istorioa, baina faltsua. Axola gutxi horrek, ordea, hainbat hamarkadatan Verneren bizitza kontatu izan duten guztiei. Benetakoa, egiazkoa, asmatutakoa, amestutakoa... Azkenean kontatutakoak, hitz bihurtutakoak bakarrik balio du. Eta azken batean Verneren bizitzak hori dirudi, hitzak, literatura.





Biografia nahasia

Obrak pertsonai bat sortu du. Vernerengana hurbiltzen garenean, hainbestekoa da bere produkzioa, ezen ez baikaitu harritzen bere biografiaren inguruan gaizki ulertuak, nahasketak, zurrumurru zehaztugabeak eta egileari buruzko irudi okerrak sortu izanak.

Nahasketa bat: Vernek ez zuen inoiz bidaiarik egin, Amienseko estudioan atera gabe bizi izan zen munduko globo bat eta entziklopedia ugari inguruan zituela. Faltsua. Vernek bidaia asko egin zituen, ez bere pertsonaiek bezainbeste -zergatik egin beharko zuen, bada?-, baina ahal zuen guztietan ontziratzen zen eta denbora luzez nabigatzen zuen Atlantikoan eta Mediterraneoan zehar. Benetan aberatsa izaten hasi zenean belauntzi batzuk erosi zituen -Saint Michel I, Saint Michel II eta Saint Michel III.a- eta ahal zuen guztietan nabigatzera joaten zen, bertan idazten zuen, eta benetan zena bezala, ospetsu unibertsala, hartzen eta ohoratzen zuten portuak bisitatzen zituen.

Beste nahasketa bat: Verne ez zen zoriontsua izan. Umetako amodio batek arbuiatua, aitari aurre emanda, emazteak ulertzen ez zuela, semea arerio bihurtuta... Hau ere egia erdizka. Beste gezur bat. Gaur egun badakigu ez zuela umetako amodiorik izan, bere aitak agian ez zuela ulertu semearen bokazio literarioa baina beti lagundu izan ziola diruz idazle izan nahian Parisen egon zen bitartean. Badakigu ere emaztea ez zela senarraren talentua ulertzen ez zuen burges harro bat, baizik eta bizi eta literatur proiektuak partekatuz alboan izan zuen bikotekide ona. Urte askotan semea alproja bat izan zen baina une jakin batetik aurrera idazlearen laguntzailerik onena bihurtu zen eta aitaren azkeneko eta hil osteko lanetako asko berak bukatu zituen.

Zein ederra den bidaiak amesten bere lan gelan itxita bizi den anakoretaren irudia, zein erromantikoa artean babesa bilatzen duen artista ez ulertuaren imajina. Vernek mundu bat irudikatu zuen eta irakurleei oparitu zien. Irakurleok Verne bat irudikatu dugu eta etorkizunari oparitu diogu.





Biografia misteriotsua

Alderdi ilun, enigmatiko, ia misteriotsu asko daude Verneren bizitzan. Hetzel argitaratzaileak deskubritu zuen idazleak nobelagintzarako zuen gaitasun paregabea, orientazioa eman zion bere lehen lanak nola idatzi beharko lituzkeen esanez, egokitzat jotzen ez zuen eskuizkriburen bat atzera bota zion, urtean hiru eleberri idaztera behartzen zuen kontratu bat eskaini zion... Hetzelek eskainitako baldintza ekonomikoak, gehiegizkoak izan gabe, askoz ere onuragarriagoak ziren argitaratzailearentzat idazlearentzat baino, eta Verne aberastu bazen ez zen saldutako liburuei esker bakarrik izan, batez ere eta bereziki Munduari itzulia laurogei egunetan eta Miguel Strogoff lanak antzerkirako moldatuz lortutako irabaziei esker. Zergatik Vernek ez zituen inoiz diru baldintza hobeagoak eskatu?
Hasiera batean arrazoizkoa da idazleak editorearekiko duen otzantasuna, agian eskerronez edo leialtasunez. Baina munduko idazlerik garrantzitsuena bihurtu zenean, zergatik mantendu zuen harreman hori? Pierre-Jules Hetzel hil zen arte eta gero haren semearekin, Jules Hetzelekin, Verne idazle otzana izan zen beti, bere editorearen ohar guztiak onartzen zituena eta irabaziak banatzeko baldintza desorekatuak ontzat ematen zituena. Zergatik?

Verneren bizitzan enigma ugari daude, agian, bizitzak, nobelak ez bezala, ez duelako zertan koherentea eta logikoa izan behar, aldiz, burugabekeriaz eta zentzugabekeriaz beteta dago. Edo, behar bada, badira bai enigma eta misterio harrigarriak. Kondairak dioenez -berriz ere-, hil aurrean Vernek milaka eskutitz eta dokumentu erre omen zituen, agian, enigma bat izaten jarraitu nahi zuelako, eta kriptografiazale zenez, zifratutako ehunka mezu utzi omen zituen bere lanetan, bere bizitzan, baita bere ehortz-lekurako enkargatu zuen hilobi monumentuan ere. Behar bada masoia izan zen, agian ordena klandestinoren batekoa izan zen, agian, agian... Existitu al zen Verne?

Esan ohi da Edmundo D`Amicis, Bihotza lanaren egilea, Amiensera joan zela 1985ean ez Verne ezagutzera, benetan bazela egiaztatzera baizik. Italian zurrumurru bat zabaldu zen, Julio Verne ez zela existitzen eta izen hori literatura lantegi bitxi batena zela, urtean zenbait liburu plazaratzen zuena. Zer da egia istorio eder horretan? Zer da benetakoa Verneren bizitzan?

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net